Egunez izan diren arazoak baretu dira inguruko mendateetan. Momentu honetan (20:45) zabalik daude mendate guztiak, baina kontuz gidatu behar da.
Gabonen ostean, urtero legez, heldu da merkealdi garaia eta aurten badirudi gogor datorrela. Dendariek esan digutenez egun merkealdia ez da garai baten zena, baina hasi, behintzat, beste urte batzuetan baino beherapen handiagoekin hasi dute.
Kontalari apartak izateaz gainera, inork ez bezala ezagutzen dute gauzak ondo kontatzearen garrantzia. Biblia, Torá eta Talmuda idatzi zituzten. Ordutik gaurdaino, ez diote utzi beren ibilbidea kontatzeari, eta gai izan dira giza esperientzia latzenak —diaspora, antisemitismoa, holokaustoa— kontatzeko, eta kontatzen jakin dutelako ezagutu du munduak bestela sekula imajinatu ere egingo ez zukeena. Horrexek eman die, kontakizunerako abileziak, herri gisa irauteko talentua.
Israelgo gobernuak badaki zer garrantzi duen kontakizunak, garbi dauka kontakizunaren kontrolak irabazten dituela gerrak. Ondorioz, iristen zaigun Gazako bonbardaketen informazio urria Israelek kontrolatzen du edo ia klandestinoa da: kontatzen ez dena ez baita existitzen, ahalegin guztiak egiten ari dira munduak ezagutu ez dezan tragediaren neurria.
Naziek berekin egin zutena gogorarazten du, paradoxikoa badirudi ere.
OHARRAK (Post scriptum)
1. Kazetarien kontrola aipatuz hasten da Gorka Bereziartuaren Free Gaza testu gomendagarria ere.
2. Agian ez du artikuluarekin zerikusi zuzenik izango, baina zutabea idazten ari nintzela, Saul Bellow-en hitzak etorri zitzaizkidan gogora: “Juduok irakasle-herri bat gara. Urtetan eta urtetan juduok irakatsi egin dugu eta irakatsiak izan gara”. Etorri zitzaidan gogora Alberto Manguelek Irakurketaren historia liburuan dakarren pasarte hunkigarri bat ere, nik Mentura dugun artean izeneko saioan jaso nuena.
“Haur juduak mendekoste egunez hasten omen dira irakurtzen ikasten, tradizioaren arabera Jahvék egun horretan eman zizkion-eta legeak Moisesi. Lauzpabost urteko haurra eskutik hartu, eta errabinoak arbel txiki baten aurrera eraman du haurra. Arbelean, Bibliako pasarte labur-labur bat dago idatzita, adibidez Erregeak liburuko erregu bat:
Zabaldu ene begiak eta ikus dezadan argia…
Errabinoa bertako hitzak irakurtzen ari da baratz aratz. Haurrak errepikatu egiten ditu errabinoak esandakoak eta buruz ikasi.
Zabaldu ene begiak eta ikus dezadan argia…
Orduan, errabinoak, haurra saritzeko, arbela bustitzen du ezti gozoenaz eta haurra eztia miazkatzen hasten da, harik eta eztiarekin batera hitzak ere arbeletik desagertu arte.
Manguelek justu beste muturreko gertakizun bat ere kontatzen du liburu berean, juduek protagonizatua baita ere: Sachsenhausen-eko kontzentrazio-zalaian ba omen zen jakitun bat hainbat klasiko eta klasikoren pasarteak buruaz —par coeur, alegia— zekizkiena. Liburutegi ibiltari baten moduan ibiltzen omen zen beste presoen kartzela-aldia arintze aldera, harik eta naziek hil egin zuten arte”.
via Hitz beste
Ibarreko errepideak zabalik dauden arren gidariek kontuz ibili behar dute, bigarren mailako hainbat errepide ez dituztelako garbitu oraindik.
“Gogorra da bizitza” esaten dugu askotan. Denok izan dugu inoiz mundua gainera erori izanaren sentipena, baina erori garen guztietan altxa gara berriz ere. Aitzitik, Hanna Jones orain dela 13 urte Ingalaterran jaio zen neskatilak ez du atzera zutitu nahi.
Bost urte zituenetik leuzemiaren hatzaparretan bizi izan da. Hiru hilabetean behin medikuarekin ordua zitatu izan du medikamentuen tratamendua taigabe jarraituz, eta hala segi beharko du aurrerantzean ere gerora biziko bada. Are gehiago, dagoeneko bihotzeko hiru transplante egina da hainbeste medikamentuk bihotza ahuldu izanagatik, eta azaroan sei hilabeteko bizi esperantza aurreikusi zioten Herefordeko Herefordshire Primary Care Trust erietxeko medikuek. Honela, bada, laugarren operazio bat egitea hautatuko luke bizitza gogorra dela irizten duen gizarte sasijakitunak. Alta, Hannak kirurgiari muzin egin, eta, horrek ekarriko liokeen aukera berriari uko eginez, geratzen zaion apurra, zoriontsu, gurasoen eta hiru anaien alboan igaro nahi du. Kristy eta Andrew Jones gurasoek ere alabaren nahia babesten dute, jakin badakitelako hala zoriontsu izango dela, eta, datozen sei hilabeteotan erabakiz aldatuko balu, berriro ere itxaroneko zerrendara itzul daitekeela.
Tamalez, haur batek eutanasia eskatu izanak min egin dio gizarteari sekula transplantatu beharko ez duen bihotzean. Zeinen gogorra den bizitza! Hasiera batean, medikuak ere aurka agertu ziren Jonesen eskariaren aurrean, 13 urte baino ez dituen ume bat ez ei delako bizitzen jarraitu gura ez duela erabakitzeko gai. Neskatxaren erreguek, ordea, legeak limurtu eta bereganatu ditu. Eta orain, bai. Orain, bere bizitza naturaren eskuetan uzteko eskubidea du, bere mentalitatearen aurkako asko baditu ere.
Hannak hitza hartu eta argi eta garbi azaldu du zein den bere ikuspuntua. Egia da medikuntzak aurrerapen handiak egin dituela, baina neska honen kasua hain apartekoa da, non zientziak oraindik ezin berma dezakeen etorkizun seguru bat. Jakinaren gainean daude operazio hau onartuz gero, uste ez bezala irteteko aukera dagoela, eta, ongi irtengo balitz ere, bost urteren buruan beste halako bat egitea ezinbestekoa lukeela ostera arnasten jarraitzeko.
Ez hori bakarrik, badira arrazoi gehiago ere geroari bizkarra emateko: motibo moralak, alegia. Bizitzen hasi besterik ez den arren, jadanik jakin badaki datozen urte guztiak ere nolakoak izango diren, eta ez dago prest behin eta berriro bizimodu hori bizitzeko, sufritzeko. Gainera, esperientziak irakatsirik, ezaguna du itxaroneko zerrendan emaile apropos bat aurkitzea zeinen zaila den. Beraz, benetan desio ez duen bizitza bat eskuratu izanak benetan nahiko lukeen besteren bati nolabait lapurtzea suposatuko luke.
Eskarmentuak berak egin du heldu 13 urteko gorputz txikian ezkutatzen den emakumea. Ez da ume gorri bat, eta horregatik hain zuzen ere halako erabakiak hartzeko gaitasuna du. Onartzea bortitza iruditzen bazait ere, zergatik ez? Duintasunez hil dadila!
via euskaljakintza
Ganbara zahar batetik hartutako paper-mutur ziztrin bat eman zioten behin ikasle buruargi bati. Mutikoa hasita zegoen latinaren eta grezieraren sekretu nagusiak sakon ezagutzen, eta ez zion begirada hotz hantuste bat beste deus eskaini paper-mutur apalari. Bat-batean, ordea, begiak laztu zitzaizkion: ahitzen ari ziren bere hizkuntza eta bere mundua zeuden paper-mutur hartan! Auzoz auzo, baserriz baserri, ganbaraz ganbara, kutxaz kutxa, sutondoz sutondo hasi zen gaztea, mundu erdi galdu hartako oihartzun eta paper-klase oro biltzeko zoroak emanda. Bizitza osoko lana hartu zuen mundu hartako oihartzun ia galduak berriro hauspotzen, eta mendi-kaietako, baserritarren eta marinelen, bake garaietako eta gerra latzetako, emigranteen eta bertan gelditutakoen poz-oinazeen doinuak eta errimak biltzen.
Bizitza osoa herri baten mapa hauspotzen aritu eta gero, labirinto bizigarriagoa utzi digu oinordetzan.
OHARRAK (Post scriptum)
Borgesen testu batek inspiratua da Antonio Zavalari eskainitako gaurko zutabea:
“Gizon batek mundua marrazteko lana hartzen du. Urteetan zehar. Espazio bat betetzen du probintzien, erresumen, mendien, badien, itsasontzien, uharteen, arrainen, gelen, lan-tresnen, astroen, zaldien eta pertsonen irudiekin. Hil baino pixka bat lehenago, hor non konturatzen den egonarri handiz marraztutako lineen labirinto horrek bere aurpegiaren irudia marrazten duela”.
via Hitz beste
Arrasaten, Bergaran, Eskoriatzan, Aretxabaletan, Oñatin.., herri guztietan izan ziren atzo arratsaldean Errege Magoak neska-mutikoen gutunak batzen. Eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere, umeen ilusioak hotz eta euri guztiak baztertu zituen Debagoieneko herrietan.
Iragarpenak bete dira eta elurrak hartu du Debagoiena ere. Mendiak zuritu dira eta elurra dihardu ibarreko herrietan. Kaleak oraindik zuritu ez badira ere, elurra dela eta gidariei kontuz ibiltzeko gomendioa egin dute besteak beste ertzaintzatik. Izan ere, mendateetan arreta eskatu dute elurra diharduelako eta oraingoz Gipuzkoan itxita dagoen mendate bakarra Gatzagakoa da.
Berako Petti musikaria izango da urtarrilaren 16an Elgetako Espaloian Danbaka III. Musika Lehiaketako finalean.
Igandeko El Paísen edizioak Antonio Zavala hil berriari eskaini zion eguneko obituarioetako bat. Eta, bide batez, ezagutzen ez genituen bertsolari bazterrezin batzuk ezagutarazi zizkigun: Antonio Zavalak Auspoa saila sortu zuela esan eta gero, egunkariak zioen: "Con Auspoa dio a conocer los autores imprescindibles de la bertsolaritza y la literatura popular y oral, como Txirritarena, Pello Errotarena, Pedro Mari Otañorena o Bilintxena". Euskaldunok esker oneko gatzaizkio periodiko globalari Txirritarena bezalako bertsolari batere ez globalen izenak ezagutarazteagatik.
Obituarioak badu pitxi bitxi gehiago ere. Vasco Press agentziaren firma daraman Antonio Zavalari buruzko soslaian ikus daitezke. Interneten irakurri dugunez, aipatu agentzia typically spanish produktuen artean sailkatuta dago. Bistan denez, gaiztakeria ez da guk asmatua.
via Hitz beste
Gaur, Errege bezperako kabalgatak Oñatin, Bergaran, Arrasaten, Eskoriatzan eta Aretxabaletan izango dira ikusgai. Hona hemen gaurko, urtarrilaren 5erako, ibarreko herriek antolatu dituzten ekintzen berri:
Negua gaur iritsiko da eta gauean elurra egingo duela diote eguraldi adituek. Goiz partean oraindik ateri eutsiko dio eta 6 graduren bueltan ibiliko dira termometroak. Dena den, arratsaldean euria botako du eta elur maila jaisten hasiko da. Hala, gauean 600-700 metrora egingo du elurra. Ondorengo orduetan beraz, eguraldia aldatzen joango da eta negua etorriko da.
Logikarekin musean
Nondik begiratzen zaion, ditxosozko krisia txalotu beharko genuke. Begiratu, bestela, atzoko berripaperek gehien azpimarratzen zuten albisteetako bati: ehuneko hogeita zortzia urritu da autoen salmenta. Atzoko beste albiste batek ere ematen digu krisia txalotzeko beste argumentu bat: askoz ere hildako gutxiago izan omen zen iaz euskal errepideetan.
Ez gaitezen, ordea, engaina, egunotako hedabideek bazekarten-eta logika ekonomikoari zorrotz lotutako hirugarren albiste bat ere: erregaiak merkatu arren, garraio publikoa igo egin da (edo nabarmen gora egingo du laster). Hiru datuok gurutzatuko bagenitu musean ariko bagina bezala, eta ekonomia nahasiko bagenu errepideetako segurtasunarekin eta garraio publikoarekin, garbi aterako litzaiguke ekonomiak beti duela hogeita hamaika eskutik, eta ez dagoela gure kontraesanei adore garbi batez aurre egingo dien politika sozialik.
OHARRAK (post scriptum
Ostiralean idatzitako zutabea da (ostiralez bina zutabe bidaltzen ditugu, Berriako kazetarien asteburuko lana arintze aldera), eta artean ez neukan Antonio Zavalaren heriotzaren berri. Nerabezaroan (hamabost bat urte nituela) erositako Auspoako liburu bat zabaldu dut. Bitoriano Iraolaren Oroitzak eta beste ipui asko. Hitzak eta hitzak azpimarratuta dauzkat Aldian behin, in margine, oharren bat nire orduko letrarekin. Auspoa liburuekin alfabetatu nintzen ni. Ez da zor makala.
via Hitz beste
Gaur egun ez dago zalantzan jartzerik energiaren garrantzia. Nork imajinatzen du argirik gabeko egun bat? Edota gau hotz batean berogailurik gabe lo egin behar izatea? Eta telebistaren pantaila erabat beltza, inongo mugimendurik gabe? Oso zaila egiten zaigu horrelako egoerak irudikatzea, ezta? Bada, horregatik guztiagatik eta beste zenbait arrazoirengatik ondorengo lerroetan energia berriztagarriez jardungo dut.
Hasteko, ezin dugu aipatu gabe utzi energia berriztagarriak planetako fluxu eta ziklo naturaletan oinarritzen direla. Kantitate handitan ditugunez, entzuna da milaka urtez gure planetan izango ditugula; eta hori gutxi balitz, inguruneari kalterik ez egitea ere abantaila garrantzitsu bat da. Beste zenbait onurekin batera, elektrizitatea, beroa eta airearen hoztea produzitzen dute; eta, horretarako, eguzkiaz, haizeaz eta hondakinez baliatzen dira, besteak beste. Komeni da jakitea horiek sortutako energia gehiago kontsumituko bagenu, CO2ren emisioa dezente murriztuko litzatekeela. Pasa gaitezen, bada, energia berriztagarriak gertuagotik ezagutzera.
Gizartean azkarren hazten ari den energia mota honi gobernuak laguntzatxo bat eskaintzen badio, 2020rako munduko elektrizitatearen %12 energia mota honetakoa produzituko dela diote adituek. Energia hau, erabilia izan dadin, arautzea falta da. Bestalde, interesgarria da jakitea 5 eta 12.5 m/s-ko abiadura daramaten haizeak baino ez direla aprobetxagarriak kontsideratzen. Jakina denez, haizeak energia zinetikoa du; izan ere, energia mekaniko edo elektriko bilakatzeko gaitasuna du aeroturbinei esker. Turbina hauek motore, hegal eta dorreetan integratzen dira energia mota hau sortzeko.
Gure planetak duen eguzki energia fusio nuklear baten ondorioa da, eta prozesu hori eguzkiaren barnean gertatzen da. Eguzki erradiazio hori elektrizitate edo bero eralda daiteke, eta azken honek ur-lurrina sortzeko balio du. Bi eguzki-energia mota bereiz ditzakegu:
Lur azpiko beroa aprobetxatuz lortzen den energiari deritzo. Espainia, Estatu Batuak eta Filipinen ondoren, energia geotermikoa gehien produzitzen duen herrialdea da mundu mailan, 855 MW-ko potentzia instalatuta duela. Lurpeko ur lurruna hodi-instalazioetatik pasatzean sortzen da energia hau, zentrifugatzen denean ur eta ur lurrun lehor baten nahasketa produzitzen baitu. Prozesu horren ondoren lortutako energia elektrizitatea sortzen duten turbinak aktibatzeko erabiltzen da.
Egur, erresiduo, uzta edo hiriko zaborra sarritan erretzen dira turbinak birarazteko eta elektrizitatea lortzeko. Erresiduo hauetatik gas sortzailetan sortzen den metanoari biogas deitzen zaio. Hau animalien ongarrietatik eskura daiteke. Horretaz gain, biomasako eta biogaseko erregaiak energia sortzeko erabiliko dira. Biomasa ikatza da; izan ere, karbono dioxidoa erretzen denean kanporatzen baita . Nahikoa biomasa dago behar adina elektrizitate sortzeko. Kontaminazio atmosferikoari erreparatzen badiogu, argi geratzen da energia mota honek kutsadura murriztuko lukeela, erresiduo asko eta asko aire librean erretzen baitira. Gauzak horrela, hondakin solidoak ez ditugu biomasa kontsideratuko, arriskutsuak eta kutsagarriak dira eta.
H2Oren molekula puskatzean, hidrogenoa eskuratzen da, aurretik aipatutako energia guztietan bezala, elektrizitatea produzitzeko. Zelula hauek etxebizitza eta garatutako herrialdetako negozioetan erabiltzen dituzte, eta hori gutxi balitz, auto fabrikatzaile batek jada sistema honekin funtzionatzen duen autoa atera du merkatura. Eta nola ez, mekanismo hau garrantzitsua da George W. Bushen energia planerako, non ikatzaren eta energia nuklearraren erabilera potentziatu nahi dituen hidrogenoa sortzeko.
Energia berriztagarri hauen bereizgarriak aipatuta, ezin aipatu gabe utzi klima aldaketaren auzia; izan ere, Espainia da herrialde kaltetuenetarikoa. 2050. urterako Hadley Centerrek dioenez, tenperaturen igoera nabarmena egongo da eta, prezipitazioak %10 jaisteaz gain, lurreko hezetasunak ere %30 behera egingo du. Horren ondorioz, hondartzetan 3.000 kilometro desagertuko dira itsasoaren mailak gora egingo duelako. Alde batetik, klima aldaketa hauek gero eta sute gehiago piztuko dituzte basoetan. Bestetik, erosioak eta desertifikazioa produzitzeaz gain, lehorte, uholde eta trumoi izugarriak ere sortzea ekar dezake Mediterraneo inguruan.
Aurreko guztiaz gain, nekazaritzak behera egingo du pixkanaka, produkzio hidroelektrikoarekin batera. Hori gutxi balitz, eguzki eta hondartza turismoa larriki kalteturik suertatuko da tenperatura igoerak direla eta. Beste alde batetik, kosta inguruko herrixkak kalteak jasango dituzte itsasoaren mailak gora egingo duelako, eta zenbait tokitan fauna eta flora desager daiteke.
Espainiako klima aldaketak sortutako ondorioak direla medio, politika beligerantea egin beharko luke administrazioak. Ez hori bakarrik, gobernuak 1990etik 2010era burutu behar dituen proiektuei ez genieke muzin egin behar; hala nola, industria %3 jaitsi beharko litzateke urte horietan zehar, garraioa %73 eta zerbitzuak %42ra arte igo beharko lirateke; energia transformatzaileak %5 baino ez. Hau guztia energia berriztagarrien erabilera alde batera utzi gabe betiere.
Hementxe duzue SOSTENIBILIDADek ingurugiroan gertatzen ari denari irtenbidea aurkitu nahian atera zuen bideoa:
via euskaljakintza
Martxoak batean, nor lehendakari. Baina gure lagunak pentsatzen du gaur praktikatzen den politikak —epe labur-laburren mende bizi den horrexek— ez dituela arazoak luzatu eta betikotu baizik egiten. Ez dela ontziaz arduratzen, kapitainaren adina jakiteaz baizik.
Flaubertek bere arreba bati idatzitako gutun batetik hartua du gure lagunak kapitainarena: “Geometria eta trigonometria ikasi dituzunez, problema bat planteatuko dizut, arrebatxo: berrehun tona garraiatzeko gai den ontzi bat, ekaitz baten erdian. Bostondik irten da kotoiz beteta eta El Havrera doa, baina masta nagusia puskatuta dauka, olatuen mende dago, hamabi marinel daude bertan, haizeak ipar ekialdetik jotzen du, arratsaldeko hiru t’erdiak dira, martxoa da… Eta, arrebatxo, hona galdera: zenbat urte ditu ontziko kapitainak?”.
Gure lagunari iruditzen zaio politikak ere gehiegi erreparatzen diola kapitainari, gutxiegi ontziko arazoei…
OHARRAK (Post scriptum)
Zutabe hau ere, aurrekoa bezala, butatuta neukan. Jakin nuenean Lehendakariak martxoak baterako iragarri zituela hauteskundeak, lehendabiziko esaldia erantsi nion testuari: “Martxoak batean, nor lehendakari”. Albiste horrek eragindako artikulu bat ematen du, baina ez da. Eta nago albistearen pertxak ez ote duen zutabea gehiegi zipriztintzen —gehiegi pertsonalizatzen—.
via Hitz beste
Pello Esnalen zutabe batek urte mugako egunotan esaten genuena ekarri dit gogora: “Urte berri, urte zahar, Martzelino praka zahar”. Martzelino nor zen jakiteak ez du lo handirik kentzen. Koplak lau silabako izen bat behar zuen, eta Martzelino hitzak, lau silaba izateaz gainera, irmotasun eztandatsua eta aliterazioa ditu. Horra izen hori koplan agertzearen misterio guztia. Baina erraza da kopla laburreko Martzelino hori nolakoa den imajinatzea: urte berrian nahiz urte zaharrean, bai gaur eta bai atzo, praka zahar jantzita jarraitzen duena da. Orain arte bezala, beti berdin, aldaketarik eman gabe, ohiko piura egoskor berean.
Urtearen aldaketa ez da, berez, deus ezer. Muga kronologiko bat. Ezer izatera, prakak aldatzeko ausardiak emango lioke berritasuna urteari. Baina ez: betiko prakak jantzita agurtu gintuen urte zaharrak, eta, zoritxarrez, prakak aldatzeko itxura handirik ez du berriak.
OHARRAK (Post scriptum)
Zutabea idatzi eta gero jakin nuen EITBren kontrako atentatuarena. Aldaketatxo batzuk egin nituen testuan. Irakurleak aise antzemango ditu.
via Hitz beste
Datorren zapatuan, hilak 10, egingo dute Osintxun 2. Soraluce E. Koop. Ziklokros Sari Nagusia, eta azken orduko albistea da mendiko bizikletako Munduko Kopa Txapeldun Marga Fullanak esku hartuko duela proban.
Gizarte aurreratuenetako hainbat kide aspalditik ibili dira edertasuna zer den zehaztu nahian, eta, helburu hori lortu dutenean, gizarte osoak “kanon” horiek jarrai ditzan saiatu dira iragarki eta beste hainbat trikimailuren bidez. Gauzak horrela, jendea edertasuna zerbait materiala dela kontzientziatzen hasia dago hitz honen esanahia muga hori baino harago doala ahaztuta, mundu honetako gehiengoaren kalterako. Guk, eta guk horretan ni eta zeuen buruak sartzen ditut, gizarteak erakusten digun bideari jarraituz, dirutza galantak gastatzen ditugu edertasun horien atzetik.
Aurretik aipatu bezala, gizakiok ezarritako edertasunaren definizioan itsu-itsuan erortzen gara, eta, munduko beste hainbat lekutako miseriez ahaztuta, dirua alferrik xahutzen dugu. Guk geuk definitzen ez dakigun edertasun hori lortzeko, garrantzitsuena ez da ordaindu beharreko kantitatea, kantitate hori ordaindu ahal izatea baizik. Horrela, gure itxura nahiz gure ingurukoa edertzeko asmotan auto garesti, luxuzko etxe, markako arropa eta hainbat krema edo operaziotan dirua uzteak ez digu axola. Eta hori ez da okerrena, gure bizi-kalitatea ez baloratzea da tristeena, eta akats horretan behin eta berriro erortzen gara.
Baina gaurko nire asmoa ez da edertasunaren definizio bat lortzea, mundu honetan dauden ezberdintasunez hitz egitea baizik. Ondorengo irudia ikusi bezain laster jakin nuen gai honi buruz idatziko nuela nire hurrengo artikuluan. Horixe egin dut.
Argazki hau erabat esanguratsua iruditu zitzaidan, modu sinpleagoan ezin baitzitekeen benetako errealitatea azaldu. Espazioan dagoen satelite batek lurrari gauez eginiko argazkia da, eta bertan munduko herri eta hirietako argi artifizialak ikusten dira. Gainbegiratzen badugu, irudi bitxitzat jo, eta jaramon handirik egin gabe pasatzen utz dezakegu, baina arreta gehixeago ipinita, berehala jabetzen zara irudi horren benetako esanahiaz: argiztatutako lurraldeak aberastasunaren sinonimo dira, eta, hau gutxitzen doan heienean, pobrezia nagusitzen hasten da.
Argi horiek artikuluaren hasieran aipatutako edertasunaren baliokide kontsidera daitezke; izan ere, txiki-txikitatik ikusten ditugu kaleetan eta ez gara beraien presentziaz batere harritzen, ez gara hauen garrantziaz jabetzen, baten bat fundituta ez badago behintzat. Horrelako argazkiak ikusteak, ordea, oraindik harritu egiten gaitu. Herrialde behartsuen egoera ulertzen dugula behin eta berriro esaten dugu, baina krisi ekonomikoa dela eta gabon hauetan argi gutxiago jarri behar dituztela esan digutenean, inork gutxik hartu du berria begi onez. Jarrera hauek geure gizarteak ezarri dizkigun baloreen ondorioak baino ez dira. Beste herrialdeetako miseriez jabetzeko, horrelako argazkiak ikusi beharra benetan tristea iruditzen zait niri. Ez al zaizue gauza bera gertatzen zuei?
via euskaljakintza
Goizeko 11:05ean izan da leherketa. Eraikina ordubete lehenago hustu dute, eta, beraz, ez da inor zauritu; kalte materialak, baina, handiak izan dira. Ertzaintzaren arabera, 100 kilotik gora lehergai jarri ditu ETAk. (EITB-tik jasotako berria)
Goiena Telebistaren konpainian izango duzue mahatsa jateko aukera gaur. Gauerdian kanpaikadak emango ditugu GoiTBn 'Kantari' gala bereziarekin. Urtean zehar ikuskizun horretan parte hartutako hamar gaztetxok jardungo dute kantuan eta dantzan. Besteak beste, Senzala Capoeira taldearen erakustaldia, Aitor Murua Aretxabaletako gaztearen trialsin saioa eta Alain Alcatraz 11 urteko bergararraren break-dance ikuskizunak osatuko dute gala. Saioa gauerdirako 10-15 minutu falta direnean hasiko da. Urte berri on!
Elkarrizketa hasi baino lehen, bi pertsonei eskerrak eman nahi dizkiet. Lehenengoa, Josu Agirre da; izan ere, bera izan baitzen Haimarrekin harremanetan jartzeko bidea. Ziur nago aurten denboraldi ona egingo duzula, bitartean gu hemen izango gara zu animatzeko! Bigarren pertsona, noski, elkarrizketatua bera da, Haimar. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiot, elkarrizketa egin niezaion, agendan leku bat egin izanagatik. Hori gutxi balitz, elkarrizketa egunean, eguraldia txarra baino okerragoa zela eta, bere etxeko ateak zabaldu zizkidan. Bertan, bera gehiago ezagutzeaz gain, alaba Ane topatzeko parada ere izan nuen. Elkarrizketa bukatu ondoren, aitarekin etxera itzultzean, zera pentsatu nuen: Haimar txirrindulari ona da, baina pertsona oraindik hobea! Eta, azkenean, horrek egiten du bera hain handi…
Haimar Zubeldia Agirre 1977ko apirilaren 1ean jaio zen Usurbilen. Bost urte zituela, aitak, garai haietan zikloturismoa praktikatzen zuenak, bizikleta gainean ibiltzen erakutsi zion. Sei urterekin hepatitis batek bere etorkizuna markatu zuen; izan ere, gaitz haren ondorioz, Haimarrek ordu asko pasa behar izan baitzituen etxean. Amak ezin geldi eutsi, eta tratu bat egin zuen mutilarekin: “Geldi egoten bazara, errepideko bizikleta erosiko dizut”. Haimar txintxo-txintxo ibili zen eta horrela lortu zuen bere lehen txirrindua. Berehala estreinatu zuen, eta, horrenbeste gustatzen zitzaionez, gurasoek herriko txirrindularitza eskolan eman zuten bere izena. Handik urte batzuetara, Dana-ona taldean hobetuz joan zen eta, geroxeago, junior mailan Gipuzkoako Itzulia birritan irabazi zuen. Orbean emaitza onak izan eta gero, 1997an Euskaltel-Euskadik fitxatu zuen. Hurrengo urtean debutatu zuen profesional mailan. 2000. urtean, Euskal Bizikletako etapa bat eta itzulia bera ere irabazi zituen. 2003 eta 2007. urteetan, 5.postuan sailkatu zen Frantziako Tourrean. Euskaltelen 11 urte pasa ondoren, aurten Astana taldeak fitxatu du.
Hasi aurretik, Haimar, mila esker zure etxean elkarrizketa egiten uzteagatik. Ikusita, gainera, egiten duen eguraldia, bada, oraindik esker gehiago. Eskerrik asko.
Lehenengo di-da batean erantzuteko galdera batzuk egingo dizkizut . Galdera hauetan busti egin beharko zara. Oso ondo.
| Zarautz edo Usurbil: Usurbil. Idolo bat: Miguel Indurain. Igo duzun mendaterik gogorrena: Zaila da. Aingliru izan daiteke. Garaipen handi bat edo postu on bat Frantziako Tourrean? Garaipen handi bat. Erlojupekoak edo etapa menditsuak? Erlojupekoak. Contador ala Armstrong? Contador (irribarre egiten du). |
Beno, orain hasiko gara elkarrizketa formalarekin. Txikitan aitarekin, edo lagunekin batera, bizikletan ibiltzen zinen jolas modura. Pentsatu al zenuen inoiz jolas hori zure lanbide bilakatuko zenik? Ez. Nik uste dut bat txirrindularitzan hasten denean, hobby modura edo gustatzen zaion kirol bat bezala hartzen duela. Ni horrela hasi nintzen eta gauzak ondo joan zaizkit. Horrela, pixkanaka-pixkanaka hobby, gustu edo kirol hau gero afizio bihurtu zait. Baina nik uste dut inoren buruan ez dela ibiltzen hori hasieratik, geroago etortzen da. Behin afizionatu mailan ikusten duzunean aukerak izan ditzakezula profesionaletara pasatzeko, bada, orduan agian bai. Azkeneko urteetan nik ikusten nuen txirrindularitza izan zitekeela nire ogibidea, baina ordura arte ez nuen hori sentitu.
Zer sentitu zenuen Euskaltel-Euskadi taldeak fitxatu zintuela jakitean? Gauza asko. Lehenik eta behin, aukerak dituzula txirrindulari izateko, eta, aldi berean, aukera horiek aprobetxatu nahia. Behin aukera hori izanda, ez aprobetxatzea niretzat txarra izango litzateke; izan ere, zaila da batek aukera horiek izatea, eta ez badituzu aukera horiek aprobetxatzen, gero asko saiatuko beharko duzu besteei txirrindulari bezala balio duzula erakusteko.
Profesional bezala daramatzazun urte hauetan zein izan dira pasa dituzun momenturik onena eta txarrena? Momentu txarrak, tamalez, asko izaten dira urtean zehar. Eta momentu onak gutxiago, baina beste une txar guztiak guztiz gainditzen laguntzen dute. Urte hauetan guztietan momentu txarrak izatekotan, lesionatzen zarenean lirateke. Azkenean, kirolean lesioak izaten dira unerik txarrenak. 2001.urtean, erorketa baten ondorioz, klabikula eta ukalondoa puskatu nituen, eta agian unerik txarrenetakoa hura izan zen, izan dudan lesio larrienetakoa izan baitzen. Momenturik onena, agian, nire 3.urtean Euskal Bizikleta irabaztea lortu nuenean izan zen. Ez nuen espero momentu hartan, eta erlojupekoa irabazita lortu nuen hura irabaztea. Gero ere izan ditut beste une on batzuk, adibidez, lehenengo aldiz tourrean 5. egin nuenean. Niretzat Tour hura handia izan zen, eta ez dut ahaztuko, baina beti garaipenarekin gelditzen naizela uste dut.
Euskaltelen pasa dituzun urte hauetan, nor izan da gehien lagundu dizun pertsona? Gehien laguntzen dutenak azkenean etxekoak dira, momentu txarretan eta onetan hor baitaude. Agian, anaia izan daiteke; izan ere, bera txirrindularia izanda, ia egunero berekin entrenatu dudalako. Eta emaztea ere bai, noski; une txarretan, etxera etorritakoan, nire gauzak ulertzen saiatu eta nire umore txarrak jasaten dituelako. Taldean ere pertsona batzuekin beste batzuekin baino afinitate gehiago daukazu, normalean horiekin entrenatzen duzulako. Euskaltelen zorte hori daukagu, txirrindulari gehienak, denak ez esateagatik, hemengoak baikara. Markel Irizar eta Amets Txurruka… esango nituzke, beraiekin konfiantza puntu bat gehiago dudalako.
Gauzak nahiko ondo joan zaizkizula ikusita, zergatik aldatu duzu taldea? Ikusten nuelako denak hasiera bat eta bukaera bat zuela. Azkeneko urte honetan pentsatzen egon naiz nire zikloa Euskaltelen bukatu dela. Gainera, gazteak ere atzetik indartsu datoz. Nire kirol bizitza pixka bat geldituta edo motelduta zegoela ikusten nuen eta motibazio berri baten beharra nuen. Astana taldearen aukera hori sortu zen, eta, buelta batzuk eman ondoren, azkenean erabaki nuen agian momentu egokiena hau zela. Beti ematen du pena; azken batean, etxeko taldean nengoen, gainera, oso gustura egon naiz eta 11 urte oparotsu izan dira. Beraiek eman zidaten aukera naizena izateko, eta gauza asko lortu ditut beraiekin. Pena handiz, baina, azkenean, erabaki nuen momentua hau zela. Pentsatu nuen une hartan izandako aukera hori aprobetxatzen ez banuen, beharbada ez nuela aukera hori berriz izango. Momentu honetan animatuta nago eta ilusio berri batzuekin. Uste dut asmatu dudala erabakian. Lehenago ere gozatzen nuen, baina ikusten nuen agian motibazio bat falta zitzaidala, denborarekin galtzen joan zaidana. Espero dut aldaketa honekin lortuko dudala motibazio hori.
Nola ikusten duzu zure talde eta taldekide berriak? Talde izugarri indartsua da. Gainera, orain nire fitxaketaren ondoren, Armstrongena etorri da, eta taldea indartsuagoa egin da. Niretzat korri egiteko beste erabat izango da. Badakit talde honetan txirrindulari handiak daudela eta badakit zein izango den nire papera talde honetan: itzuli handietan nire lana egin beharko dut eta beste momentu batzuetan nire aukerak ere izango ditut. Txirrindularitza ulertzeko beste modu bat izango da, eta gauza berriak ere ikasiko ditut. Euskaltelekin konparatuz, Astanan, lana egiteko modua beste era batekoa da. Jende berria ezagutuko dut; kanpoko taldea denez, bidaiatu egingo dut; hizkuntza berri bat ikasiko beharko dut, ingelesa, nahiz eta pixka bat dominatzen dudan…Hala ere, taldekideekin hitz egitea ezberdina izango da. Taldea izugarria da, itzuli handi guztiak irabazteko prestatuta dagoena. Nire ustez, gauzak ondo badoaz, aurtengo talderik indartsuenetakoa izango gara.
Nahiz eta oraindik agian azkarregi den, zein helburu dituzu hurrengo denboraldirako? Helburua Tourra izango da. Pixka bat oraindik goiz da, oraindik oporretan bainago. Baina pixkanaka hasten goazen heinean, badakit bai taldeko managerrak eta zuzendariak bakoitzaren denboraldia perfilatuko dutela. Hala ere, hori urte hasiera arte ezingo dut jakin. Badakit taldearen helburua Tourra irabaztea dela, Contadorrekin edo Armstrongrekin, eta horretarako prestatuko gara. Horretarako, lasterketa gehiago egongo dira, baina normalean denboraldia nahiko lasai hasiko dut eta Tourra datorrenerako forma onean egoten saiatuko naiz. Euskaltelen ere gutxi gorabehera berdintsua izaten zen, Tourra denboraldiko bigarren zatia izaten da Espainiako bueltarekin batera. Pentsatzen dut horrela izango dela gutxi gorabehera.
Azken urte hauetan, txirrindularitzak “fama txarra” hartu du dopinga dela eta. Zer pentsatzen duzu gai honi buruz? Bai, arrazoia duzu. Txirrindularitza bere bizitzako momenturik zailenetakoa ari da bizitzen. Gainera, ikusi besterik ez dago azkeneko egunetan Tourreko positiboek sortu dituzten iskanbilak. Ez dakit nola iritsi garen egoera honetara. Azkenean, txirrindulariak izan gara kontrol gehiago jartzearen aldekoak beti, baina, agian, hori gure aurka bideratu da. Kontrol gehiago izan nahiak sozietatean mesfidantza puntu hori sortu du. Bestalde, pentsatzen dut interesak ere egon direla txirrindularitzari kontra gogor egiteko. Beste kiroletan berdin ez direnez saiatu, guretzat hori ez da eskusa bat edo arrazoia azkenean. Azken finean, errua gurea eta txirrindularitzan dabiltzan guztiona da. Nik uste dut bide ona ari dela hartzen, baina kontrol gehiago egitea ez dakit den biderik egokiena. Bakoitzaren etxera edozein momentutan etortzea, lasterketa egunetan goizeko seietan jaikitzea, bat deskantsuan dagoen momentuan… ez zait oso egokia iruditzen. Gauzak hobeto egin daitezkeela uste dut. Horretarako dago UCI, txirrindularitza bideratzeko, eta horrela erabaki dute. Espero dut ondorengo txirrindulariek txirrindularitza sano bat ezagutzea. Ni txirrindularitzan sartu nintzenean, beste era batera ezagutu nuen. Dena den, ikusi dut nola joan den pixkanaka sinesgarritasun hori galtzen, eta pena ematen dit txirrindulari gazteengatik batik bat. Txirrindularitza gaizki dagoen momentu batean ezagutzea gogorra da, eta, gehienbat, horregatik ematen dit pena. Txirrindularitzak bide on bat har dezan espero dut.
Orain dela gutxi UCIk ezarritako arau baten arabera, dopatzen diren ziklistek 4 urteko zigorra izango dute. Ados al zaude arau honekin ala bestelako konponbideak aurkitu behar direla uste duzu dopinga murrizteko? Azkenean, UCIkoek egiten dituzte legeak. Horrek esan nahi du urtero, lizentzia berritzen duzunean, bere legeak onartzen dituzula. Nire ustez, 2tik 4 urtera pasatzea zigorra ez da soluzioa. Normalean, 2 urteko zigorra jartzen dizutenean, zure txirrindulari bizia bukatu egiten da, kasu arraroetan izan ezik, eta 4 urterekin oraindik seguruago. Beharbada, lagundu dezake, baina, nire aburuz, beste modu batera egin behar da lana. Agian, oinarriko txirrindularitzatik hasi beharko litzateke. Ez dakit zein den soluzioa, eta UCIkoak horretarako daude.
Zertan iruditzen zaizu aldatu zarela profesionaletan hasi zinenetik gaur egunera arte? Asko aldatu naiz. Behin profesionaletara pasatzen zarenean, konturatzen zara ofizioa ikasi egin behar duzula. Afizionatu mailan, jubeniletan… talde lan pittin bat egiten da, baina txirrindularitza indibidualista da, bakoitzak berarentzako lana egiten duelako. Profesionaletan, ordea, konturatzen zara asko ikasi behar duzula, bai korritzeko eran, non sufritu behar duzun gehiago, lasterketa irabazteko modua… Orain badakit nolakoa den mundu hau eta badakit ere zer-nolako entrenamenduak egin behar ditudan nire prestaketarako. Fisikoki eta mentalki heldutasunean nago, eta, beraz, oso ondo ezagutzen ditut nire burua, gorputza eta baita ofizioa ere.
Orain dela gutxi zure alaba jaio da. Gustatuko al litzaizuke zure seme-alabaren bat txirrindulari izatea? Bai, gustatuko litzaidake. Baina nire kasuan alaba da eta duda gehiago ditut. Duda hori diskriminazioagatik da; izan ere, emakumezko txirrindularitza ez dago gizonezkoarenarekin berdinduta. Alaba, gizonezkoak bezala saiatu beharko litzateke eta ez lituzke fruitu berdinak lortuko. Pena emango lidake hori gertatzea, baina berak hori erabakitzen badu %100 lagunduko diot.
Pentsatu al duzu zer egingo duzun erretiratu ondoren? Bai, hori gero eta gehiago pentsatzen da. Hala ere, momentuz 2 urte dauzkat aurretik, eta oraindik ez dut ezer erabaki. Momentua iristen denean pentsatuko dut, eta, orduan, zerbait sortuko da. Langabezia beti hor egongo da eta gustuko zerbait hartzea nahi nuke. Hala ere, txirrindularitzan egon naizen bitartean aurreztu dudanarekin uste dut ondo bizitzeko moduan egongo garela.
Hau izanda guztia. Eskerrik asko guztiagatik eta zorte on! Eskerrik asko.
via euskaljakintza